FAQ

Zer da Euskaraldia?

Euskaraldia ez da euskararen aldeko kanpaina bat. Ez da Euskararen aldeko festa bat. Ariketa sozial bat da, herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburua duena, euskaraz gehiago egiteko. 11 eguneko ariketa soziala izango da Euskaraldia, arrastoa utzi nahi duena.

Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko?

Galderak hainbat erantzun ditu; baina guk ariketa bat proposatzen dizuegu, hizkuntza ohiturak astindu eta eguneroko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskaraz egitea hitz egiten dakigun edota ulertzen dugun guztion artean. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, taldean, gure egunerokoan eragin genezake.

Nola egingo dugu?

Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez:

Ahobizi: ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.

Belarriprest: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut-eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest txapa soinean eramango dugu, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!

Zer lortu nahi dugu?

Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskaraz egin genezakeela frogatzea. Orion, esaterako, bizilagunen %76ak badaki euskaraz, eta %11k, ondo hitz egiten ez badu ere, ulertzen du.

  • Euskaraz dakitenek elkarren artean euskaraz egitea lortu nahi dugu
  • Eta ulertzen dutenekin ere euskaraz egin ahal izatea, nahiz eta haiek gaztelaniaz erantzun
  • Hori guztia norberaren erabakiak errespetatuz, adeitasunez eta guztiak eroso sentitzeko moduan
  • Azken finean hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabileran eragitea da helburua

Non egingo dugu?

Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan…

Horretarako, herriz herri antolatuko gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitatetan ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.

Nork har dezake parte?

16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena.

  • Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.
  • Belarriprest izateko euskara ulertu behar da.

Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman. Bakoitzak erabaki behar du zein roletan sentituko den erosoen. Ez da gaitasun kontua. Ondo hitz egiten baduzu, baina ez baduzu ikusten zure burua ahobizi gisa (harreman batzuetan hizkuntza aldatzea oso zaila ikusten duzulako, esate baterako), orduan belarriprest gisa eman ezazu izena.

Nola eman dezaket izena, parte hartzeko?

Irailaren 20an zabalduko da izena emateko epea Euskal Herri osoan. Internetez egin nahi duenak posible izango du eta Orion ere izango da aukera.

Eta bitartean, zer egin dezakegu?

Orion ere martxan da Euskaraldia antolatzeko lantaldea. Karkarak eta Udalak egin genuen lantaldea osatzeko deialdia eta, gaur egun, dozena bat lagun gabiltza hor lanean. Lagundu nahi baduzu edo informazio gehiago nahi baduzu, jo guregana.